XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zazpirak eta bat.

BIZKAIKO Bertsolari Txapelketa delakoaren sareak, zazpirak eta bat bildu ditu finalerako.

Zazpi ez baina sei dituk, motel.

Konforme: baina utz dezagun zazpitan.

Besteak, han-hemenka, bidean galdu zaizkio.

Zazpikote horrek ez zezakeen inor, harri.

Hor ez dago sorpresarik.

Denak bertsolari eginak eta berdinak dira.

Eta txapelketa batetan luzitzeko, nahitezko baldintzak dira horiek.

Txapelketa, txapelketa da beti.

Epaimahaiaren bahea ibiltzen da holakoetan eta han legezkoa dena bakarrik pasatzen da.

Bazterrean gelditu direnetan badela bertsolari ederrik?.

Jakina badela! Baina berdinenak hor daudela esango nuke nik.

Sorpresa izan den bakarra.

Haritz Lopategi izan da.

Hori da, eskolako gaztetxoen artetik hasita, helduen pareraino iritsi den bakarra, kidekoak eta helduxeagoak ere atzean utzita.

Eta bere merituz iritsi ere.

Zekarren izenaren beharrik ez du izan batere.

Esan ohi den bezala, hor bai dela egia kastatik kondea delako hura; baina ez izena jasotzeko bakarrik, izana ekartzeko baizik.

Nik finalbigarrengo batean entzun nion bakarrik.

Eta han, gaietan ere, ez zuen aparteko bentajarik izan.

Desbentajaren bat izatekotan ere.

Zakar edo zabor-ontzian lokartuta mozkorra pasatzen egote hura, ez dut uste inspiratzeko izugarrizko egoera denik.

Eta ongi eraman zuen bere saila.

Ederki defenditu zen.

Beraz, izena ez-ezik, beste zerbait ere badakar etxetik Jon Lopategiren semeak.

Eta orain, bai bata eta bai bestea, Arriaga antzokian izango dira.

Bihar, alegia.

Beste seirekin batera joko dituzte jotzekoak txapela etxeratzen.

Bietakoren batek bururainotuko balu, nahiz bataren nahiz bestearen kaskoan etxera joan, izenari zor lediokeen zerbait besterik ez da izango.

Ez da giro makala izango Arriaga aldean bihar goizez Arriaga aldean.

Kabitu ezina izan daiteke jendearentzat.

Eta hori lastima da.

Baina bertsolariak beste inon baino gustorago ariko dira antzokian.

Eta horrek ere balio du berea.

Ea erremate eder bat ematen dioten Bizkaiko bertsolariek beren txapelketari.

Joxemari Aranalde.